UNESCO Etxea UNECEren Garapen Iraunkorrari buruzko Eskualde Foroan

Nazio Batuen Europako Ekonomia Batzordeko (UNECE, ingeleseko siglaz) Garapen Iraunkorrari buruzko Eskualde Foroak, martxoaren 17an eta 18an izango denak, honako goiburu hau du: “COVID-19pandemiatik modu iraunkor eta erresilientean suspertzea eta Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda gauzatzea eta betetzea UNECEren eskualdean”.

COVID-19aren eragin sozioekonomikoari heltzeko eta suspertze iraunkorra bultzatzeko oinarrizko ekintza eta pizgarri zenbait landuko ditu foroak.Horrez gain, barnean hartzen ditu borondatezko berrikuspen nazionalei (ENV) buruzko saio bat nahiz Garapen Iraunkorrari buruzko Goi Mailako Foro Politikoan (HLPF) ENV aurkeztu duten eta eskualdeko kide diren estatuen esperientziak, edota 2021eko uztailean aurkeztuko dituztenenak, aintzat hartuta, halaber, ENV horien arteko loturak eta tokian-tokian GIHen ezarpena.

UNESCO Etxea modu birtualean parte hartzen ari den foro horren aurretik, parekoen arteko ikaskuntzarako mahai-inguru birtualak izan ziren, 2021eko martxoaren 10etik 16ra bitartean, eta mahai-inguru horietako mezu funtsezkoenak aintzat hartuko dira foroan.

UNECEren  eskualde-mailako azken txostenaren  arabera (aurkeztu berria da), eskualde hau osatzen duten 56 estatuek (Europa, AEB, Kanada eta Asiako ipar-ekialdea) gaur egun bezala jarraitzen badute, GIHetan zehaztutako 169 xedeetatik 23 baino ez dira lortuko.Gainera, baliabide teknologiko handiko eskualde honetan datuen esparruan dagoen arrakala izugarria nabarmentzen du.

Ildo horretatik, dokumentuan argi adierazi da UNECE eskualdeko datuak, pandemia hasi aurretik bildutakoak, GIHetako 169 xedeetatik 89 (% 53) neurtzeko direla aski soilik, eta inbertsio bat egin beharra dagoela 2030 Agendako lorpenetarako datuak eskuratzeko eta biltzeko, “baita ondo garatutako sistema estatistikoak dituzten herrialdeetan ere”.Datuetan ahaztuta utzi diren gai garrantzitsuetako bat izan da genero-berdintasuna (5. GIH) , giza eskubideen garapen-motor gisa eta 17 GIHen bizkarrezur gisa aurkeztu izan den arren.

Txostenaren arabera, UNECEren eskualdea ondo bideratuta dago muturreko pobrezia eta desnutrizioa murrizteko, bai eta zerbitzuetan eta etxebizitza egoki batean sarbidea hobetzeko ere, nahiz eta ñabardurak egin behar diren kasu guztietan.

Klimari eta ingurumenari dagokienez, zazpi xede erdiesteko baino ez dago gaituta eskualdea, eta batez ere berotegi-efektuko gasak arintzearekin lotuta daude horiek.Biodibertsitatea galtzeari eta ekosistemak suntsitzeari dagokienez, eskualdeak “bizkortu egin beharko du aurrerabidea, edo lehengoratu egin beharko da basoen kudeaketako eta baliabideen ustiaketako egungo joeretan, besteak beste”.Beste arlo batzuetan, hala nola bakean eta justizian, aurrerapen esanguratsu eta baikorrak izan dira 2030an helburuak betetzeari begira, baina, beste batzuetan, osasunean, esaterako, beldur dira garaipen guztiak ez ote dituen geldiaraziko pandemiak, aurrerapenak izan diren arren.

Informazio gehiago hemen: https://regionalforum.unece.org/about.html

X