LGTBI+ komunitatearen eskubideak ikasgelan

Eskoletako eta beste hezkuntza-ingurune batzuetako indarkeria mundu-mailako arazo bat da; sexu- eta genero-arau gailenekin bat ez datozen ikasleak, hau da, lesbianak, gayak, bisexualak, transgeneroak edo intersexualak (LGBTI+) dira eskubide-urraketa gehien pairatzen dituztenak. Herrialde batzuetan, talde horretako ikasleen % 85ak ere jasan lezake indarkeria eta eskola-jazarpena. Hori gutxi balitz, LGBTI+ komunitatekoak ez diren baina itxuraz zenbait genero-arau betetzen ez dituzten pertsona batzuek ere isekak jasan behar izaten dituzte.

Ikastetxeetan homofobiari eta transfobiari lotuta gertatzen den indarkeria prebenitu eta tratatzea UNESCOren mandatuetako bat da, ikasketa-ingurune seguru eta inklusiboak bermatzeko, zeinetan pertsona guztiak babestuta egongo diren; ekarpen hori egin nahi du UNESCON Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako helburuak erdieste aldera.

Pertsona guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela bermatzeko, hezkuntza-komunitateak politika eraginkorrak ezar ditzake, efikaziaz erantzuteko; horrek barne hartzen ditu curriculum eta material egokituak, irakasleentzako prestakuntza eta ikasle, familia zein komunitateentzako babesa.

Testuinguru horretan, eta UNESCOren eta Nazio Batuen agindua babeste aldera, UNESCO Etxeak argitalpen hau atera du: “Gida didaktikoa. LGTBI+ komunitatearen eskubideak hilabetez hilabete”. Argitalpen hori Gehitu elkarteko (Euskadiko Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen Elkartea) Zaira García Dafonterekin lankidetzan egin dugu. Teresa Castro, LGTBI+ komunitateko kideen giza eskubideen aldeko ARTivista, arduratu da ilustrazioez. Material didaktiko horrekin, hainbat dinamika, joko eta ilustrazioren bitartez, ikasleek eta irakasleek gertuagotik ezagutu ahalko dituzte LGTBI+ komunitatearen aldarrikapenak, giza eskubideen eta aniztasun afektibo-sexualaren ikuspegitik.

Gida didaktiko hau erabiltzera gonbidatzen zaituztegu, baita UNESCO Etxearekin harremanetan jartzera ere; horrela, baliabide hori ikasgelan ezartzen lagundu ahalko dizuegu eta izan dezakezuen edozein zalantza argitu ahalko dugu.

Ikusi Gida


X