Herri-Jasotzaileak Kultura eta Herritartasunaren VII. Topaketan aurkeztuko da

Herri-Jasotzaileak, UNESCO Etxearen eta Guerrilla Food Sound System plataformaren ekimena, Tabakaleran (Donostia) urriaren 13-15 bitartean egingo den Kultura eta Herritartasunaren VII. Topaketako proiektu eta networking erakusketa-eremurako hautatua izan da.

2020. urtean zehar, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin, UNESCO Etxeak eta Guerrilla Food Sound System plataformak, ideia eta bitartekaritzako proposamen metodologiko bat garatu zuten, landa eremuetako tokiko kulturaren sarea bultzatzera, jardun artistikoak gizarte-eraldaketarako tresna modura indartzera eta landa komunitateek artearen bidez eta bertako ondarea identifikatuz beren inguruneko gizarte-eraikuntzan parte har dezaten bultzatzera bideratua.

Ekimen hau Juan Lopez-Arangurenen aholkuekin bultzatuko dugu, artisten, landa komunitateen eta gizarte zibilaren artean elkarrizketa eta topaketa ezartzeko xedez, beren ondarea identifika dezaten, erregistro ofizialetatik eta begirada antropologikoetatik eta adituen begiradatik harago.

Kultura eta Herritartasunaren VII. Topaketa, alde batetik, pandemia osteko krisialdiko testuinguruan kulturaren bilakaeraren eta gertakizunen inguruan egituratuko da eta, beste alde batetik, etorkizunerako proposamen eta alternatibak irudikatu eta eratzearen inguruan.

Honatx proposatzen ziren zenbait galdera: Zein desafio eta ekintza-eremu berri irekitzen ditu egungo egoerak kulturari dagokionez? Zein eginkizun bete eta ekarpen egin behar dituzte kulturak eta haren inguruko instituzioek osasunerako eta herritarrentzat? Nola uztartu kultura eta iraunkortasuna? Zein erantzun eman daitezke egun bizitzen ari garen iraultza digitalak ezartzen dituen desberdintza, hein, arrakala eta arriskuen aurrean? Nola berrirudika ditzakegu elkarrekin bizitzeko baliagarriak diren hiri eta landa eremuak? Zein politika izan daitezke baliagarri kultura jardunak deszentralizatu, lurraldean birkokatu eta sektorez gaindi txertatzeko? Gure burua antolatzeko beste moduren batean pentsatu behar al dugu?

Oso aukera ona izango da Herri-Jasotzaileak ekimena ezagutarazi eta ondarearen inguruko bitartekaritza artistiko eta kulturaleko prozesu honetan parte hartu nahi duten lurraldeko landa herriak eta Euskadiko landa ingurunean dauden “beste ondare” batzuk batzeko.

X