Etorkizuneko kulturak bide berriak imajinatu eta ireki behar ditu

Urriaren 13tik 15era, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatutako VII. Kultura eta Hiritartasuna Topaketa egin zen Tabakaleran (Donostia). Topaketa gaika antolatu zen. Pandemiaren osteko krisi-testuinguruan, kulturaren bilakaera eta etorkizuna jorratu ziren, baita etorkizuneko proposamen eta alternatiba zehatzen formulazioa ere.

Testuinguru horretan, UNESCO Etxeak eta Guerrilla Food Sound Systemek, GizARTE Sareko (Gizarte Eraldaketarako Heziketa Artistikoen Euskal Sarea) agenteak, “Herri-Jasotzaileak” aurkeztu zuten. Proiektu hori pandemia garaian sortu zen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa izan zuen. Hasierako fasean, bitartekaritzako proposamen metodologiko bat aurkeztu zuten, helburu hauetarako: landa-inguruneetako tokiko kultura-sarea sustatzea, praktika artistikoak gizartea eraldatzeko tresna gisa indartzea eta landa-komunitateek beren inguruko gizarte-eraikuntzan parte hartzea bultzatzea, artearen bidez eta beren ondarea identifikatuz.

“Herri-Jasotzaileak” taldeak aurkezpen-agertokia partekatu zuen gure inguruko beste proiektu batzuekin batera: Mugi Paisaia (Muxika), DAGAZ (Euskadiko hainbat herri), The Languages of Energy (Donostia) eta Espainiako beste ekimen batzuk, hala nola Laboratorio de ArtesVivas y Ciudadanía (Tenerife), La Digitalizadora de la memoria colectiva (Andaluzia) edo Memento (Madril).

Era berean, Begoña Guzmán UNESCO Etxeko Gizarte Eraldaketarako Kulturaren arduraduna gonbidatu zuten, Kulturaren Konferentzia Sektorialeko 2030 Agendari buruzko lantaldearen bileran parte hartzeko. Bertan, GizARTE Sarearen esparruan egindako lana aurkeztu zuen. Lan horretan, hezkuntza artistiko eta kulturalak ekarpena egiten dio Garapen Jasangarriaren 4. Helburuaren 4.7 xedeari, kalitatezko hezkuntzari buruzkoari. Bilera horretan bertan, Marta García-Harok, Garapen Jasangarrirako Espainiako Sarearen (REDS) zuzendariak, “Hacia una cultura sostenible.Guía práctica para integrar la Agenda 2030 en el sectorcultural argitalpena aurkeztu zuen. Kulturaren sektoreari zuzendutako gida da eta ohitura jasangarriak hartzeko tresna erabilgarriak aipatzen ditu. 2021eko martxoan argitaratu zen eta UNESCO Etxea argitalpen batzordeko kide izan zen.

Kultura eta Hiritartasuna Topaketa aukera ezin hobea izan zen kulturaren eta sormenaren sektorea berriro biltzeko. Gizarte gisa eta, bereziki, sektore gisa aurrean ditugun erronkei erantzun espezifikoak ematen dizkieten eta parte-hartze kulturala bultzatzen duten beste hitzaldi, ekimen eta narratiba batzuetara hurbiltzeko balio izan zuen.

X