Bideo berria: Klima-krisia eta giza eskubideak

UNESCO Etxeak, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren babesarekin, animazio-bideo labur bat sortu du, klima-krisia eta giza eskubideen arteko harremana eta loturak ezagutarazteko.

Bideo horretan, 2020an egin zen ikerketa parte-hartzaile bateko aurkikuntza nagusiak jasotzen dira; hain zuzen ere, lankidetza, garapen eta gizarte-mugimenduetako hainbat eragilek parte hartu zuten.Horren emaitza gisa sortutako argitalpenak  “Klima-krisia. Giza eskubideak mehatxatuta” du izena; bertan, klima-krisiaren eta giza eskubideen arteko loturak argitu nahi dira. Horretarako, zenbait talde kalteberarengan jartzen da arreta eta, aldi berean, Euskal Herriko garapenerako lankidetza gauzatzen ari den hainbat proiektu ikusgai jartzen ditu, giza eskubideen eta klima-krisiaren arteko harreman hori hobeto ulertzeko xedez.

Bideo berriak klima-krisia giza eskubideen ikuspuntutik aztertzeko beharra azpimarratzen du.Nabarmentzen du gure ardura eta betebeharra dela mehatxupean dauden giza eskubideak errespetatu, babestu eta gauzatzea.Giza eskubideak tresna egokia izan daitezke gure eskakizunetako asko bete daitezela eskatzeko; izan ere, ez dira printzipio etiko soilak, baizik eta estatuei betebeharrak eragiten dizkieten lege-arauak. Hori dela eta, ikuspegi honek eskubideak eta betebeharrak mahaigaineratzen laguntzen digu.

X