BAKEAREN KULTURA
Bakearen
Kultura UNESCOn
1989an, UNESCOk Bakearen Kultura kontzeptua sortu zuen,
gatazka armatuetatik ateratzen ari ziren herrialdeetan bakea finkatzeko
programen barruan. Alde horretatik, kontzeptu horren bidez oro har aipatzen zen
bakearen ezaugarria gatazkarik ez egotea zen, eta hori, nagusiki, estatuen
ardura zen.
Urteotan zehar, “Bakearen kultura” kontzeptua gatazka
armatuen eta estatuen esparrutik harago zabaldu da, eta gizartera, familietara,
ikastetxeetara, lantokietara, hedabideetara eta abarretara heldu da, eta bake
positiboaren kontzeptura hurbildu.
1999an, gertaera garrantzitsu bat izan zen Nazio Batuen
historian: Nazio Batuen Batzar Nagusiak Bake Kulturaren aldeko Adierazpena eta
Ekintza Programa onartu zuen. Bederatzi hilabetean negoziatu ondoren, dokumentu
historiko bat onartu zuten, erreferentzia-puntu bat: gaur egun Nazio Batuek
egindako ekarpen garrantzitsuenetako eta iraunkorrenetako bat dela pentsatzen
da.
UNESCOren printzipioetako bat oinarri hartuta, “gerra
eta liskarrak gizakien buruan sortzen direnez, gizakien buruan eraiki behar da
bakearen gotorlekua”, hizpide dugun dokumentuan Bakearen Kulturaz definizio hau
ematen da: balio, jarrera, tradizio, jokabide eta bizitza-molde batzuk dira,
honako hauetan oinarrituak:
-
Bizitzarekiko errespetua, indarkeriaren amaiera eta ez-indarkeriaren
sustapena eta praktika, heziketa, elkarrizketa eta kooperazioaren bidez;
-
Estatuen
subiranotasuna, lurralde-osotasuna eta independentzia politikoa erabat
errespetatzea;
-
Giza
eskubide guztien eta askatasun nagusien erabateko errespetua eta sustapena;
-
Gatazken
konponketa baketsuarekiko konpromisoa;
-
Oraingo
eta etorkizuneko belaunaldien ingurumenaren garapen- eta babes-beharrak
asetzeko ahaleginak;
-
Garapenerako eskubidearen errespetua eta sustapena;
-
Gizon
eta emakumeen eskubide- eta aukera-berdintasunaren errespetua eta sustapena;
-
Pertsona
guztien adierazpen, iritzi eta informaziorako askatasunaren errespetua eta
sustapena;
-
Printzipio hauekin bat egitea: askatasuna, justizia, demokrazia, tolerantzia,
elkartasuna, kooperazioa, pluraltasuna, kultura-aniztasuna, elkarrizketa eta
elkar ulertzea gizarte-maila guztietan eta nazioen artean.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Adierazpenarekin eta
Ekintza Programarekin batera, 2001-2010 aldia, munduko haurrentzat bake-kulturaren
aldeko eta indarkeriaren aurkako nazioarteko hamarraldia izango zela aldarrikatu
zuen une horretan.
Hamarraldia indarrean jarri baino lehentxeago, 2000.
urtean, UNESCOk kanpaina bat abiatu zuen mundu osoan, munduko pertsona guztiak
bake-kultura kontzeptuaz sentsibilizatzeko:
Bake-kulturaren aldeko eta indarkeriaren aurkako 2000ko Agiria.
Bakearen Nobel saridun batzuek aldarrikatu zuten
bakearen aldeko eta indarkeriaren aurkako 2000ko agiria, pertsona guztiek, nork
bere aldetik, beren gain har zezaten zegokien erantzukizuna: ez da dei bat, ez
eta goi-mailako instantzia batzuei egindako eskari bat ere. Gizaki bakoitzaren
ardura da errealitate bihurtzea bakearen kultura sustatzen duten balioak,
jarrerak eta jokabideak. Bakoitzak bere familian, herrian, hirian, eskualdean
eta herrialdean jardun dezakeelako ideia oinarri hartuta, eta ez-indarkeria,
tolerantzia, elkarrizketa, adiskidetzea, justizia eta elkartasuna egunero balia
eta susta ditzakeela kontuan hartuta, Agiria Parisen argitaratu zuten 1999ko
martxoaren 4an, eta mundu osoko herritarrei sinatzeko eskatu zitzaien. Agiria 50
bat hizkuntzatan zabaldu zen mundu osoan zehar.
Kanpaina zabaldu ondoren,
Bake-kulturaren aldeko eta indarkeriaren aurkako nazioarteko hamarraldia
hasi zen. Hamar urte horietan (2001-2010), UNESCOk zenbait programa abian jarri
ditu komunikazioaren, kulturaren, zientzien eta hezkuntzaren esparruan, eta
hezkuntza-esparrukoa jo da bakearen kultura sustatzeko biderik egokientzat.
Horregatik, UNESCOk hainbat urte daramatza estatu kideei laguntzen,
herritartasun demokratikoaren eta giza eskubideen aldeko politikak eta ekintza-printzipioak
sar ditzaten irakaskuntza formal eta ez-formaleko programen plangintzan. Eta,
era berean, azken hamar urte hauetan, planeta osoko gobernuz kanpoko erakunde
anitzen ekimena eta babes zabala aitzindaria izan da Nazio Batuek esparru
honetan egiten duen lanean. Nazioarteko Hamarraldiak bake-kulturaren aldeko
mundu-mugimendua sustatu du.
Nazio Batuen Adierazpenak, Ekintza Programak eta
Nazioarteko Hamarraldiko jarduerek zer bide egin duten jakiteko jarraipen aktibo
handiena egin duten erakundeen artean,
Cultura de Paz Fundazioa dago. Federico Mayor Zaragoza da fundazio horretako
burua, eta UNESCOn izandako agintaldian bake-kulturaren aldeko mugimenduaren
sustatzailea izan zen. Fundazio horren xedea bakearen kultura eraikitzen eta
sendotzen laguntzea da, gogoetaren, ikerketaren, hezkuntzaren eta tokian tokiko
jardunaren bidez.
2010eko abenduan, Nazio Batuek amaiera eman zioten
Hamarraldiari Santiagoko 2010eko Foroaren barruko
Munduko Hezkuntza Foroan. Gune horretan, Nazio Batuek bake-kulturaren alde
eta indarkeriaren aurka munduko haurrentzat antolatutako nazioarteko
2001-2010 hamarraldiari buruzko Gizarte Zibilaren Azken Txostena aurkeztu
zuen Cultura de Paz Fundazioak, eta txostenean bakearen aldeko eta indarkeriaren
aurkako kultura sustatzeko jarduerak aztertu dituzten mundu osoko ia 1.000
erakundek bildu eta aurkeztutako informazioa jaso zuten.
Txostenak, halaber, agerian uzten du zer oztopo izan
zituzten Adierazpenean eta Ekintza Programan jasotako balioak aplikatzean. Hala
ere, argi uzten du gizarte zibila dela oraindik ere hamarraldiaren eta bakearen
aldeko kulturaren hedapenaren eragile nagusia. Ondorio moduan esaten du gaur
egun inoiz baino premia eta lehentasun handiagoa dutela Adierazpenaren
ondoriozko printzipioek, balioek eta jardunek. Eta gaineratzen du hamarraldiaren
amaierak aukera eman behar duela bake-kulturaren aldeko jardun berriei ekiteko.
Bakearen
Kultura UNESCO Etxean
Euskadiko gizartea nazioarteko gizartearekin lotzeko
helburuari zintzo jarraiki, UNESCO Etxeak generoari, gazteriari eta beste
zenbait gairi lotuta dauden bake-kulturaren arloko esperientzia berritzaileak
hurbilarazi ditu Euskadiko esparrura azken urteetan. Azken horri dagokionez,
azken urteetan nazioarteko hiru mintegi egin dira, munduko zenbait lekutako
gazteen artean bake-kulturaren sustapenean izandako jardunbide onak aurkezteko.
Bake-kulturaren eta generoaren arteko loturari
dagokionez, UNESCO Etxeak, 1998an genero-ikuspuntua erabilita
Bake Kulturari buruzko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik, ekitaldiak,
jardunaldiak, nazioarteko mintegiak antolatu ditu, argi uzteko zer ekarpen
egiten dieten emakumeek bakearen kulturari eta gatazken ondoko berreraikuntzari;
horretarako, berreraikitzen ari diren herrialde jakin batzuen kasu zehatzak
azaldu dira. Jardun horiek guztiak Emakumeak eta Bakegintza bideoan jasotzen
dira; UNESCO Etxeak argitaratu zuen 2001. urtean.
Bake-kulturaren eta gazteriaren arteko loturaz
den bezainbatean, UNESCO Etxeak
"Gazteak eta bake-kultura" nazioarteko mintegia antolatu zuen 2011 . urtean.
Mintegiak ikuspegi orokorrak bildu zituen gazteei eta bake-kulturari buruz,
gazteen eta bakegintzaren arteko loturaren arloan mundu osoan izandako
esperientzia berritzaileak jaso zituen, bai eta gazteek eta/edo gazteentzat
sortutako hainbat esperientzia ere, honako ideal hauek bultzatu nahi izan
dituztenak: bakea, giza eskubideen errespetua eta belaunaldien, kulturen,
erlijioen eta zibilizazioen arteko elkartasuna.
Urte horretan bertan, UNESCO Etxeak
“Gazteak, kultura eta bakea” gazte-trukea antolatu zuen, Ipar Irlandako,
Dublingo, Málagako eta Euskadiko 30 gazteren parte-hartzearekin. 2010eko
abuztutik 2011ko abuztura bitarteko Gazteen Nazioarteko Urtearen barruan, eta
Nazio Batuek onartuta Hitz egitea eta elkar ulertzea lelopean, hau zen trukearen
xedea: elkar ezagutza sustatzea, kontzientzia harraraztea, norberaren kultura-ezaugarriak
balioestea, beste kulturetara hurbiltzea eta haiekiko errespetua sustatzea,
kultura-elementuek herrien nortasuna eraikitzen zer-nolako balioa duten
ulertaraztea gazteei eta kulturen arteko bizikidetzak ematen dituen aukerei
buruz gogoetatzera bultzatzea.
Informazio gehiago:
Berriak - bake kultura eta Giza Eskubideak