Azken berriak
atzera ES|EN
URRIAK 9-10EAN OSPATUTAKO HIZKUNTZA GUTXITUEN ERRONKAK GLOBALIZAZIO AROAN IZENEKO BILTZARRARI BURUZKO ZENBAIT OHAR

Nazio Batuen Erakundeak Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du aurtengoa. Hau dela eta, hizkuntza aniztasuna eta egungo nazioarteko ikuspuntuaz mintzo izan den Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izeneko biltzarra ospatu da, non antolatzaileak EUDEL, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izan diren, UNESCO Etxeak Batzorde Zientifiko gisa aritu delarik.

Globalizazio aroan hizkuntza gutxituek dituzten erronkez nahiz aukerez mintzatu izan dira nazioarteko eta bertako hizlariak. Hauen artean, Fernand de Varennes, Australiako Murdoch University-ko hizkuntza eskubideen alorrean egun dagoen aditu ospetsua izan genuen. Hizkuntzak boterearekin izan duen eta egun ere duen harremanaz mintzo izan zen. Kasu praktikoetatik abiatuz, Tibet eta Hegoafrikako egoeretatik, Finlandiako suedieraren eta Faroe irletako faroeraren egoerak azaldu zituen, guztia euskararen egoeraren gogoeta egiteko gonbita eginez amaituz. Hona hemen hitzaldian zabaldutako materiala:

"Gehiago eta Ez Gutxiago: Hizkuntza Gutxituen Eskubideak Globalizazio Aroan" (Pdf-a) (PowerPoint)

Bestalde, Oxford University-ko Merton College-etik etorritako Suzanne Romaine Katedraduna ere gure artean izan genuen. Hizkuntza eta giza garapenaren arteko harremanaz aritu zen eta eremu geografiko batean hizkuntza komunitate ezberdinek duten HDI-a (Giza Garapen Indizea) aurkeztu zuen, besteak beste.

Hizkuntza aniztasunaz ere Marielle Rispail mintzo izan zen, Frantziako Saint-Etienne Unibertsitateko Katedraduna. Gizarte eleanitz baterako bidean gaudela ohartarazi zigun, baita bide honetan ditugun arazo, praktika eta adibideak azaldu ere, besteak beste.

Aipagarria ere, euskal kulturak duen bertsolaritzarekin antzekotasun ugari dituen Maliko grioten kasua ere. Horretarako izan genuen , Simon Toulou, Genevako Unibertsitateko Doktorea gure artean, herri horretako ahozko tradizioaren irakaskuntzaren eta transmisioaren gogoeta eginez.

"Ahozko Tradizioaren Irakaskuntza: Nolako Irakaskuntza? Maliko Grioten Kasua" (Laburpena) (Pdf-a)

Biltzarrean, aro globalizatu honetan teknologiak duen indar eta garrantziaz ere mintzo izan ziren hizlariak. Hizkuntza aniztasuna ziberespazioan gaia jorratu zuen Misako Ito UNESCOko Informazioaren Gizartea sekzioko arduradunak, hain zuzen, UNESCOk gai horretan sustatutako ekimenak eta politiken berri eman zuelarik.

"Unesco eta Hizkuntza Aniztasuna Ziberespazioan" (Pdf-a)

Delyth Prys eta Luistxo Fernandez hizlariek argi utzi zuten hizkuntza gutxituak teknologia berriez baliatu daitezkeela. Delyth Prys galestarrak, Bangor Unibertsitatean teknologia berrien bitartez egiten diren galeseraren berreskuratze ekimenak azaldu zituen: hiztegiak, gramatika eta ortografia zuzentzaileak, itzulpen automatiko eta hizketa teknologia, besteak beste.

"Teknologia Elektronikoak Baliatzea Hizkuntza Biziberritzeko" (PowerPoint-a)

Biltzarrean hizkuntza aniztasun eta teknologia berrien artean ere euskarak aparteko lekua izan zuen. Lehenik, Andres Urrutiak, Euskaltzainburuak, instituzio honen proiektu eta ekimenak plazaratu zituen, martxan dauden hainbat ekintzek garai globalizatu honetako abantailak barneratu dituztela azaldu zuelarik.

"Euskaltzaindia, Hizkuntza Gutxitu Baten Akademia eta Bere Erronkak Mundu Globalizatuan" (PowerPoint-a)

Teknologia berriak eta Interneten euskararen egoeraz mintzo zen Luistxo Fernandez izan genuen Kongresuan, euskal blogari ezaguna eta enpresaria. Euskarak teknologia berrien trena ez duela galdu ideiari buruzko argi-ilunak azaldu zizkigun, oraindik egiteke eta egiteko asko dagoela ohartaraziz. Kongresuan bildu zirenei euskara sarean sustatzeko gonbitea egin zien eta horretarako hainbat adibide eskaini zituen.

"Euskara Interneten: Argi-ilunak" (Pdf-a) (PowerPoint-a)

Hala, Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan Nazioarteko Biltzarraren helburu nagusia esperientziak partekatzeko gunea sortzea izan zen, non nazioarteko ikuspuntu eta esperientzia anitzak bateratuko ziren, globalizazio aroak dakartzan mehatxuei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko zein bidetatik jo behar dugun antzemate aldera.

INFORMAZIO OSAGARRIA:

Hizkuntzen Nazioarteko Urtea

UNESCO eta hizkuntzak

UNESCO: Hizkuntzak eta hezkuntza

UNESCO: Hizkuntzak eta kultura aniztasuna

Munduko Hizkuntzen Amarauna

Eudel

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco