Azken berriak
atzera ES|EN
Apirilak 23 - 29 : "HEZKUNTZA GUZTIENTZAT" ASTEA

"Hezkuntza, giza eskubidea", hori da "Hezkuntza guztientzat" Ekintza Astearen gaia, eta 2007ko apirilaren 23tik 29a bitartean izango da.

Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainak antolatua eta UNESCOren laguntzarekin, urtero egiten den jarduera bat da, Estatuak bultzatzeko gaurtik 2015. urtea bitartean hezkuntza unibertsala errealitate bihur dadin; izan ere, Dakarreko Forumean (Senegal), 2000. urtean, hori lortze aldera lan egiteko konpromisoa hartu zuten.

1948. urtean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuen. Deklarazio horretan, 26. artikuluan hain zuzen ere, definitu eta onartu zen lehendabizikoz mundu-izaerako testu ofizial batean hezkuntza giza eskubide gisa.

Artikulu horren arabera, pertsona orok hezkuntzarako eskubidea du, eta hezkuntza horrek honako baldintza hauek bete behar ditu:

  • Eskuragarria: oinarrizko hezkuntzak doan eta derrigorrekoa izan behar du guzti-guztiontzat. Beraz, karga eta kostu guztiak ezabatu behar dira, eta laguntzak eman arazo gehien dituzten haurrei; esate baterako, neskei, HIESaren umezurtzei edo premia gehien dutenei. Estatuak egoki finantzatzeko betebeharra du, eta BPGaren portzentaje bat oinarrizko hezkuntzari eskaini behar dio.

  • Denontzat irekia: hezkuntza jasotzea oztopatzen duten diskriminazio-modu guztiak ezabatu behar dira, arraza, etnia, sexua edo bestelako arrazoiren bat dela kausa: (...) Estatu batean gutxiengo diren kideei dagozkien irakaskuntza-jardueretan aritzeko eskubidea onartu behar zaie; besteak beste, ikastetxeak izan behar dituzte eta horiei eutsi, eta Estatu bakoitzak hezkuntzaren arloan duen politikaren arabera,beren hizkuntza erabili eta irakatsi behar dute. (Irakaskuntza-Mailako Diskriminazioaren aurkako Hitzarmena, 1960).

  • Kalitate onekoa: hezkuntzak kalitate onekoa izan behar du, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesu osoan.

  • Egokitua: hezkuntzak ikasle guztietara egokitu behar du, guzti-guztiak kontuan hartuta. Hezkuntza bitarteko nagusia da pertsona, haur eta heldu orok nork bere gaitasunak eta trebetasunak garatzeko, eta gizartean aktiboki parte hartzeko.

Horra hor hezkuntzarako eskubidearen eta pobreziaren aurkako borrokaren artean dagoen loturaren arrazoia. Hezkuntzaren bidez ezagueraren ateak zabaltzen dira eta, modu horretan, pertsona orori dagozkigun eskubideak defendatzeko gaitasuna ahalbidetzen digu.

Esate baterako, hezkuntzarako eskubidea gauzatuz gero, zenbait eskubidez gozatzeko aukera ekarriko luke, besteak beste, iritzi- eta adierazpen-askatasunaren eskubideaz gozatzeko eta partehartzeko eskubideaz gozatzeko (Hezkuntza Eskubidearen Errelatore Bereziaren Txostena, 2004/12/17), oinarrizko eskubideak dira horiek, hiritartasuna egikaritzeko eta demokrazia finkatzeko.

Hezkuntza eskubidea sustatzeak eta defendatzeak beste eskubideetarako ateak irekitzen ditu; hura ukatzeak, berriz, beste Giza Eskubide batzuk ukatzea dakar, eta, ondorioz, txirotasuna betikotzea.

Nazio Batuen Milurtekoaren Garapen-Helburuen Kanpaina oso adibide ona da erakusteko hezkuntza eskubidearen eta pobreziaren aurkako borrokaren artean lotura handia dagoela. Kanpaina horren bitartez, 2015. urterako ezarri zituzten zortzi helburuak lortu nahi dira; helburu horietako bat hezkuntza eskubidea da, eta horrek lagunduko luke munduko pobrezia ezabarazten, eta mundu garatua, bidezkoa eta orekatua izatea bermatuko luke.

Lotura hori agerian uzten duen beste adibide bat Hezkuntza guztientzat izeneko Mundu-programa da, UNESCOk koordinatzen duena (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea), eta helburua mundu osoan hezkuntza ziurtatzea da, ondasun publiko gisa.

Informazio gehiago:

Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainak

Hezkuntza giza eskubide (UNESCO Etxea, 2006) (pdf -1,35MB)

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco