Azken berriak
atzera ES|EN
Giza eskubideak 2015 ondoko agenda barruan ala agendatik kanpo?

Mundurako garapen-helburu berriak adosteko prozesua etapa kritikoan sartzen ari den une honetan, UNESCO Etxeak bat egiten du Centro para los Derechos Econmicos y Sociales (CESR) erakundearekin, estatu kideei eta mundu osoko parlamentariei eskatzeko berma dezatela giza eskubideak izango direla garapen iraunkorrerako etorkizunerako agendaren funtsa.

CESR erakundeak eragiteko kanpaina egiten ari da Lantalde Irekiak (OWG) egiten dituen saioetan, giza eskubideen ikuspegia kontuan hartu eta zeharka txertatze aldera. Lantalde hori, hain zuzen, Nazio Batuetako foroa da eta MGHak ordeztuko dituzten Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) idazteko ardura du. Ignacio Saiz CESRko zuzendariak dioenez, "oraingoan, giza eskubideak ez dira mugatu behar hitzaurreko erreferentzia erretoriko bat izatera". Giza eskubideak garrantzitsuak dira garapen iraunkorreko alderdi guztietan. Helburuen eta aurrerapen-adierazleen xedea eta edukia gauzatzeko muina izan behar dute, bai eta konpromisoak aplikatzeko eta haien jarraipena egiteko formarena ere."

Giza eskubideen gaia Garapen Iraunkorrari buruzko Europar Batasuneko Egunetan ere landu zen. Garapenari buruz jarduteko foro garrantzitsua da hori, Bruselan biltzen dena, eta EBko estatuburuek, arduradun politikoek eta gizarte zibileko erakundeek hartzen dute parte bertan. Giza eskubideen alderako ikuspegiak emango al du aukera garapena gizatiarragoa izateko?" eztabaidaren ondoren, giza eskubideak funtsezkoak direla ondorioztatu zen, ez soilik gizakia garapenaren muina izateko, baizik eta dagozkion eragileen kontu-emateak zorroztasun handiagoz egiten direla bermatzeko ere, sektore pribatuko eragileenak barne. CESRen ordezkariak azpimarratu zuen EBk garapenerako laguntzaren munduko hornitzailerik handiena erantzukizun berezia duela, bermatzeko garapenerako laguntza, merkataritza, inbertsioak eta zerga-politikak koherenteak direla EBk giza eskubideen alorrean dituen betebeharrekin.

Halaber, 2015 ondoko Garapen Agendari buruzko Nazioarteko Parlamentu Konferentzian, azpimarratu zen beharrezkoa dela kontu-emateetarako mekanismoak ezartzea, tokiko, herrialdeko eta munduko esparruan. Mekanismo horiek giza eskubideak izan behar dituzte ardatz, eta sendoak, zorrotzak, parte-hartzezkoak eta eraldatzaileak izan behar dute. Horrez gain, nabarmendu zen parlamentuek funtsezko eginkizuna dutela 2015 ondoko kontu-emateko ekosistema lortzeko.

Gertaera horiek guztiak direla eta, egiaztatzen da giza eskubideek gero eta garrantzi handiagoa dutela garapen iraunkorrerako etorkizunerako helburuen inguruko eztabaidan. Nazio Batuen iraileko Batzar Nagusia inflexio-puntua izan zen. Hain zuzen, MGHei buruzko Batzar Nagusiaren Ekitaldi Berezia egin zen, eta han berretsi zen garrantzitsua dela giza eskubideak sustatzea, bai eta kontu-emateetarako prozedurak zorroztea ere, maila guztietan. NBEko Idazkari Nagusiak eskatu zuen giza eskubideak izan daitezela helburuen oinarri sendoa. CESR, IBON International eta Amnesty International erakundeek antolatutako ekitaldi paraleloan, gizarte zibileko hamarnaka ekintzailek jardun zuten 2015 ondoko agendan giza eskubideak txertatzeko moduari buruzko proposamen praktikoak azaltzen.

Hala ere, giza eskubideak ez dira oraindik jarri, ezta urrik ere, modu esanguratsutan eta zeharka, agendaren erdian. Estatu kide askok ez dute oraindik ere ondo ulertzen zein garrantzitsua den osasunaren, ura eta saneamenduaren eta horrelako arloetako konpromisoak bat etorraraztea eskubide sozial eta ekonomikoei buruzko arauekin. Askatasun zibil eta politikoen gaia eztabaidagarria da oraindik ere estatu kide askorentzat, eta beste batzuek (Ipar hemisferioan, batez ere) ez dute onartu nahi izaten giza eskubideei buruzko nazioarteko arauetan (Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena barne) xedatutako erantzukizunak. Sektore pribatuak garapenaren sustapenean eginkizun garrantzitsuagoa izateko mugimenduak egon badauden arren, ez dira ahaleginak egiten enpresei betearazteko giza eskubideen alorrean dagozkien erantzukizunak.

Giza eskubideak ezin dira hautazkoak izan, ezin dira hautazko agenda izan, eta ezin dira negoziatu. Datozen hilabeteetan, gobernu arteko prozesua biziagotuko da, eta UNESCO Etxeak zein CESR erakundeak eta haren aliatuek ahaleginak egingo dituzte, garapen iraunkorrerako marko berrian giza eskubideak osoz islatzen direla bermatzeko, bete gabe geratzen diren paperezko promesa bihur ez daitezen.

CESR erakundeari buruz informazio gehiago eskuratzeko: http://cesr.org/index.php

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco