Behar adina ezagutzen al ditugu giza eskubideen
babeserako mekanismoak euskal gizarte zibilean? Edo, are garrantzitsuagoa dena,
benetan erabiltzen al dira sortu ziren helbururako? UNESCO Etxean ezetz uste
dugu, eta horregatik, euskal gizartearen eta nazioarteko komunitatearen arteko
elkarreragin eraldatzailea sustatzeko gure misioa betez, irmo jarduten dugu giza
eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidea zabaltzen eta hari buruzko
prestakuntza ematen.
Hori dela eta, Sugearen oihartzunak. Joan-etorriko
esperientziak Giza Eskubideen Kontseiluan izeneko lana argitaratu dugu
(“Ecos de la serpiente. Experiencias de ida y vuelta en el Consejo de
Derechos Humanos”). Lan horretan, giza eskubideei buruzko eskaerarekin eta
sustapenarekin lotutako zenbait artikulu biltzen dira, Giza Eskubideen
Kontseiluari buruzko prestakuntzako lehen ikastaroan parte hartutakoen taldeak
idatziak. Ikastaro hori Genevan egin zen, 2011ko ekainaren 12tik 17ra, UNESCO
Etxeak eta Genevako Nazioarteko Zentro Katolikoak antolatuta, Garapenerako
Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesaz.
Talde hori Marta Areitiok, Rosabel Argotek, Arantza
Chacónek, Xabier Ezeizabarrenak, Liliana Zambranok, Iker Zirionek eta Usune
Zuazok osatu zuten, eta UNESCO Etxeko Xabier Anuzita, Monika Hernando eta Maider
Maraña ere aritu ziren haiekin.
Taldearen konpromisoa eta gogo bizia dela eta, ia
egunero egiten ziren balorazio-bileretako batean —Palais des Nations jauregiko
kafetegian egin zen, Serpent Bar izenekoan, hain zuzen—, argitalpen honen ideia
sortu zen.
Argitalpenean, taldekide bakoitzak aurretik zituen
ezagutzak sakontzen dira bizitasun handiko aste horretan ikasitakoarekin osatuta,
eta horrela sortu dira aurkezten ditugun zazpi artikuluak. Baina argitalpenaren
bidez, halaber, talde horren gogo bizia transmititu nahi dugu, mundu bidezkoago
baten alde lan egiteko agertutako gogo bizia, giza eskubideen sustapenaren,
babesaren eta errespetuaren bitartez, giza eskubide guztiak pertsona guztientzat
lortzeko. Eta, aldi berean, Nazio Batuen sistemak giza eskubide horiek babesteko
eskaintzen dituen mekanismoak zertxobait gehiago hurbiltzea espero dugu,
zenbaitetan mekanismo horiekiko sentitzen dugun distantzia handia ezabatuz edo
behintzat zertxobait gutxituz. Izan ere, elementu arrotzak, besterenak eta
urrunak direla sentitzeko joera dugu, eta ikasi behar dugu gure parte-hartzearekiko
irekiagoak direla, sarritan uste duguna baino gehiago.
Lotura:
“Ecos de la serpiente. Experiencias de ida y vuelta en el Consejo de Derechos
Humanos” (pdf- 2,45MB)