Gaur hasiko da Durbanen (Hego Afrika) Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Biltzarra. COP17 laburduren bidez ere izendatu da biltzar hori.
Esperantza guztiak Biltzar horretan jarrita daude; izan ere, azken aukera da Kiotoko Protokoloaren etorkizuna erabakitzeko. Munduan berotegi-efektuko isurketak murrizte aldera nazioartean onartutako tresna bakarra da Kiotoko Protokoloa eta 2012an bukatuko da bere garaian adostutakoa betetzeko lehen epea.
Alabaina, itxura batean biltzarrak ez du interesik sortu nazioartean, ez behintzat aurrez Kopenhagen eta Cancúnen izan ziren haiek beste, eta ez du leku nabarmenik hartu gure herrialdeen agendan. Klima-aldaketaren arriskua gutxitu delako izan dela pentsa genezake, baina egia guztiz bestelakoa da. IPCC (Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldea) erakundeak eginiko azken txostenetako batean muturreko gertakarien eta hondamendien arriskuen kudeaketa aztertu dute, klima-aldaketara egokitzeko zer aurrerapauso izan diren jakiteko. Bada, azaroaren 18an argitaratutako txosten horrek agerian utzi du beste behin klima-aldaketak lotura zuzena duela muturreko fenomeno klimatikoen maiztasun eta indarraren areagotzearekin.
Horrenbestez, premiazkoa da Durbanen asmo handiko hitzarmena lortzea, bidezkoa eta loteslea (FAB, ingeleseko sigletan: Fair, Ambitious and legally Binding), munduak behar duelako, eta aldarrikapen horretan guzti-guztiok ardura dugulako.
Informazio gehiago:
COP17 Biltzarrari buruzko webgunea
IPCC erakundearen azken txostena