Azken berriak
atzera ES|EN
Saharaz hegoaldeko Afrikako Uraren, Saneamenduaren eta Higienearen aldeko WASH United nazioarteko kanpainarekin bat egin du UNESCO Etxeak

WASH United nazioarteko sentsibilizazio-kanpaina bat da eta 2010eko Munduko Futbol Txapelketan Hego Afrikan jokatuko dela probestuz, pertsona guztientzako ura, saneamendua eta higienea sustatzea du helburu. Ur zikinak eta saneamendu desegokiak eraginda beherakoak eta prebeni daitezkeen bestelako gaixotasunak ugari izaten dira Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta horiek direla medio ia 10.000 lagun hiltzen da urtean, horien artean bost urtetik beherako 4.000 neska eta mutikotik gora. Horrek esan nahi du gaixotasun horiek haur bat hiltzen dutela hogei segunduro; malariak, elgorriak eta HIESAk batera baino gehiago. Hain zuzen, kanpainak egoera horri egin nahi dio aurre.

Kanpainaren asmoa da Afrikan eta iparraldeko herrialdeetan erabaki politikoak hartzen dituztenak kontzientziatzea eta, oro har, herritar guztiei ikusaraztea ur edangarria eta saneamendua izatea giza eskubide bat dela, eta estatuek bermatu egin behar dutela pertsona guztiek zerbitzu batzuk eskura izatea; erabilgarritasun, onargarritasun, eskuragarritasun eta kalitate aldetik zenbait baldintza beteko dituzten zerbitzuak, hain zuzen.

Horretarako, kanpainak hainbat jarduera burutuko ditu. Besteak beste, futboleko hainbat izarrekin kanpaina bat egingo da: haien posterrak aterako dira ur edangarria sustatuz, eta haiek protagonista direla irratirako eta telebistarako iragarkiak ekoitzi eta emitituko dira ur edangarriari, saneamenduari eta higieneari buruz eta baita World toilet Cup delakoari buruz ere. Orobat, Uraren Afrikako 2. Astean eta World Toilet Summit2009 deritzonean hartuko da parte. Jarduera horiez gain, Wash United kanpainak hainbat ekitaldi antolatuko ditu Uraren Munduko Egunean, 2010eko martxoaren 22an, jomugatzat hartutako herrialdeetan. Hauek dira herrialde horiek: Ghana, Mali, Hego Afrika, Kenya, Mozambike, Burkina Faso, Tanzania eta Uganda.

Futbol talde eta jokalari garrantzitsuak kanpainako kide dira jada. Beren borondatez Wash United ekimenarekin bat egiten duten kide guztiek konpromisoa hartzen dute ura eta saneamendua izateko giza eskubidea betearazten laguntzeko, saneamendu egokiaren garrantzia azpimarratzeko, eskuak garbitzea sustatzeko eta besteentzat ispilu izateko. Gaur egun, Wash United egitasmoko kide dira jada Bayern Munich Futbol Taldea, ur eta saneamendurako NBEko aditu independentea, Nazio Batuen Garapenerako Programa, gizarte zibileko uraren Afrikako Sarea, Ogia munduarentzat Alemaniako GKEa, UNICEF, Alemaniako Lankidetza teknikoa eta, noski, UNESCO Etxea.

Informazio gehiago:

WASH United

Txostena

Laburpena

Proiektua

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco