Azken berriak
atzera ES|EN
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak Ignacio Ellacuría saria jaso du

Joan den azaroaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak Euskadiko GGKEen Koordinakundeari eman zion Ignacio Ellacuria saria, garapenerako lankidetzaren esparruan egindako ibilbideagatik. Hogei urteko lanagatik eta garapenarekin zein aldaketa sozialarekin hartutako konpromisoagatik emandako esker ona da hau.

Patxi Lpez Lehendakariak emandako garaikur honekin saritu egin nahi da pertsonek, erakundeek eta kolektiboek, justizia, herrien arteko berdintasuna eta pobrezia gainditzeko eginiko lan solidarioa. Euskadiko GGKEen Koordinakundea sortu zenetik hogei urte igaro direnean iritsi zaio sari hau. 80ko hamarkadan, garapenerako euskal erakunde ugari ohartu ziren elkartu eta koordinatu egin behar zutela gizarteari eta erakundeei ezagutarazteko hainbat herrialdek bizi zuten egoera bidegabea eta aldarrikatu zuten etorkizunean konpromiso serioa hartu behar zela lankidetzarekiko. Gaur, hogei bat urte geroago, nazioarteko lankidetzaren esparruan lan egiten duten 79 erakunde elkartu zaizkio proiektu komun hari.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko eta kide diren GGKEetako ordezkari ugari izan ziren sari-banaketan. Gemma Zabaleta sailburuak esker ona adierazi zion saritutako erakundeari, garapenerako hezkuntza eta boluntariotza sustatzeko egin dituen ekintzengatik. "Koordinakundeak euskal GKE guztien (ia 80 dira) lana aitortzen du, guztiek laguntzen baitute lan sozial garrantzitsu honetan. Aipatzekoak dira pobreziaren aurka eta hezkuntzako berdintasunaren eta garapen orekatuaren alde egindako kanpainak edo emakumearenganako indarkeria desagerrarazteko eginiko lana", ziurtatu zuen Zabaletak. Gainera, han zeuden beste agintari batzuekin batera, gogora ekarri nahi izan zuen garaikurrari izena ematen dion Portugaleteko jesuita, filosofo eta teologoaren lana eta oroimena, Ignacio Ellacuriarena, zeina 1989an erail baitzuten El Salvadorren beste bost jesuitekin, lankide batekin eta bere 15 urteko alabarekin batera.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bere lana eta lortu nahi dituen helburuak ekarri zituen gogora, eta erakunde guztiek batera lan egin behar dutela azpimarratu zuen: "Urte hauetan ohartu gara elkarrekin indar handiagoa daukagula, eta baita ere eragina izan dezakegula politika publikoetan, posizionamendu komunak adostu ditzakegula GGKE bezala daukagun aniztasuna mantenduz, hiritarrengana hurbil gaitezkeela Iparraldeko zein Hegoaldeko bidegabekeriak salatzeko eta egungo garapen ereduei buruzko pentsamendu kritiko bat sortu dezakegula" baieztatu zuen Sonia Gonzalez, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko bozeramaileak.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari sari honegatik, eta argi utzi zuen, gainera, Koordinakundea osatzen duten GGKE guztiekin eta horietan parte hartzen duen jende guztiarekin partekatu nahi duela, denek lagundu baitute 20 urte hauetako lanean.

Informazio gehiago:

Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Zuzendariaren bloga

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco