Azken berriak
atzera ES|EN
Prestakuntza-ibilbidea 4. saioa: Garapen Garbirako Mekanismoei eta borondatezko karbono-merkatuei buruzko ikastaroa; klima-aldaketaren aurkako tresnak. (Ekainak 17)

Hori zen prestakuntza-saioetan aurreikusitako azken ikastaroa. Bertan, beroketa globalari eskainitako lehen saioak oinarritzat hartuta, ingurumena eta klima-aldaketaren aldagaiak txertatu genituen egitasmoaren ziklo guztian. Aldagai horiek ikuspegi zientifikotik eta giza garapenaren ikuspegitik landu genituen. Azken ikastaro horretan, borondatezko karbono-merkatuak izan genituen hizpide, horiei esker garapen-egitasmoen emaitzak hobetu baitaitezke. Merkatu horiek mintzagai izatea ez da harritzekoa ikastaroaren izenburuari eta izaerari erreparatuz gero.

Ikastaroa Cecilia Forondak eman zuen KOOPERA Zentroan. Foronda Ekologia eta Garapena Fundazioko. CeroCO2 egitasmoko arduraduna da.

Egoitza nagusia Zaragozan duen GKEa da Ecologa y Desarrollo. Hala ere, bere ekintza-esparrua nazionala eta nazioartekoa da. GKE honek esperientzia handia du, eta oso ezaguna da garapen jasangarriaren esparruan egindako lan guztiagatik, hala nola klima-aldaketaren esparruan. CeroCO2 ekimena Ecologa y Desarrollo eta AccioNatura erakundeek jarri dute abian. Ekimen aitzindaria da; Espainian emisioak borondatez konpentsatzeko plataforma bat eskaintzen duen lehena.

Ikastaroaren helburua zen borondatezko karbono-merkatuei, beren funtzionamenduari eta araudiari buruzko informazioa zabaltzea. Horrez gain, borondatezko karbono-merkatuak GKEaren garapen-ekintzetarako finantziazio osagarria lortzeko iturri izan daitezkeela ere azaldu zuen Ceciliak.

Hori dela eta, Cecilia honako galdera hauei erantzuten saiatu zen ikastaroan:

1. Zer aukera eskaintzen dizkio borondatezko merkatuak nire erakundeari?
2. Zer dira borondatezko karbono-merkatuak? Zer harreman dute Garapen Garbirako Mekanismoarekin?
3. Nola finantza ditzake karbono-merkatuak nire erakundearen egitasmoak?
4. Zer estandar eta erregistro ari dira borondatezko merkatuen hazkundea bultzatzen?
5. Nola funtzionatzen du karbono-kredituen sorrerak eta salmentak?
6. Zer fase bete behar ditu egitasmo batek borondatezko karbono-merkatuan parte hartzeko?
7. Zer oztopo dituzte konpentsazio-kredituak sortzeko egitasmoen sustatzaileek?

Ikastaroari sarrera emateko, borondatezko merkatuak garapen garbirako mekanismoekin dituen harremanak azaldu zituen. Horrez gain, merkatu horiek noiz sortu ziren, bertako partaideak zeintzuk diren eta merkatu horien tamaina, hazkundea eta egitasmo-motak ere izan zituen mintzagai Ceciliak. Karbono-merkatua Kiotoko Protokoloaren eta Garapen Garbirako Mekanismoen (GGM) baitan sortu zen. Era berean, GGMak Kiotoko Protokoloaren Malgutasun Mekanismoen baitan zehazten dira. GGMei esker, I. eranskineko herrialdeek (herrialde garatuek), Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioa mugatuta dutenek, beren emisioak gutxitu ditzakete. Horretarako, I. eranskinean aipatzen ez diren herrialdeetan (garapen-bidean daudenetan) garapen garbirako egitasmoak babestu beharko dituzte. Bestalde, une horretan sortu zen borondatezko karbono-merkatua ere. Merkatu horri esker, legez beren emisioak mugatzera behartuta ez dauden erakundeek emisio horiek hainbat egitasmorekin konpentsa ditzakete. Egitasmo horiek GGMen ildo nagusien baitakoak izan behar dute, baina, badituzte zenbait desberdintasun, hala nola ikuspegi sozialak garrantzi handiagoa izatea eta egitasmoa sisteman txertatzerakoan kostua baxuagoa izatea. Bide honek gero eta arrakasta gehiago du eta, horri esker, hainbat aktore sozial (enpresak, administrazioak edo norbanakoak) klima-aldaketari aurre egiten ari dira beren jarduerak konpentsatuz.

Aurkezpena ikusi (pdf - 776KB)

Horren ondoren, Ceciliak karbono-merkaturako Konpentsazioko Egitasmoen Garapena azaldu zuen. Horretarako, karbono-kreditu modura saldu ahal izango den eta karbono-emisioak gutxitzea lor dezakeen egitasmo bat diseinatzeko jarraitu beharreko faseak zeintzuk diren azaldu zuen eta, horrez gain, konpentsazioko egitasmo bat abian jartzeak sortzen dituen kostuak eta arriskuak ere izan zituen mintzagai. Egitasmo horietarako finantziazioa nola lor daitekeen ere aipatu zuen Ceciliak.

Guzti horretarako ezinbestekoa da egitasmoaren beharra bermatzea, hots, egitasmorik gabe BEGak ez liratekeela gutxituko frogatzea. Horrez gain, egitasmoak ekonomikoki bideragarria izan behar du, hau da, karbono-kredituak salduta lortutako irabazirik gabe egitasmo hori gauzatzea ezinezkoa izango litzakeela frogatu behar da.

Aurkezpena ikusi (pdf - 1.17MB)

Horren ondoren, Ceciliak estandar boluntarioak eta erregistroak zeintzuk diren azaldu zuen. Estandarrek egitasmo zehatz batean BEGak gutxitu egiten direla bermatzen diote erosleari. Beraz, estandarrak emisio horiek gutxitzen direla egiaztatzen eta ziurtatzen duten kontrol-mekanismoak dira. Egitasmoaren ezaugarrien arabera tipologia, iraupena, onurak, erregistroak- hautatzen da estandar egokiena.

Aurkezpena ikusi (pdf 317KB)

Amaitzeko, egitasmorako finantza-eredu bat garatzeak eta arriskuak ebaluatzeak (eta gutxitzeak) duen garrantziaz mintzatu zen Cecilia. Arrisku horiek, besteak beste, balioeste- eta erregistro-arriskuak edo merkatuko arriskuak izan daitezkeenak, oso garrantzitsuak dira, erosleak beregain hartzen dituen arriskuek eragina izango baitute kredituaren prezioan.

Aurkezpena ikusi (pdf 116KB)

Horrez gain, kasu praktiko bat ere landu zuten bertaratu zirenek. Egitasmo-mota desberdinak landu zituzten taldeka: baso-berritzea eta basoen erabilera, abeletxe bateko biodigestorea, eguzki-energia termikoa sukalde eta bestelako erabileratarako eta minizentral hidroelektriko bat. Beren helburua egitasmo horiek garapen jasangarrian izan dezaketen eragina, borondatezko karbono-merkatuko erregistro-motarik egokiena eta egitasmoa borondatezko karbono-merkatuan ezartzeko eman beharreko pauso nagusiak aztertzea zen.

Ikastaroan zehar Ceciliak argi azaldu zuen borondatezko karbono-merkatua asko ari dela hazten azken urte hauetan. Gero eta gehiago dira, ingurumenean duten eragina gutxitzeko zehazten dituzten estrategien baitan, emisioen konpentsazioak erabiltzen dituzten iparraldeko herrialdeetako enpresak, erakundeak eta norbanakoak.

Informazio gehiago:

Ecodes GKEak borondatezko karbono-merkatuei buruz argitaratutako ale berezia

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco