Azken berriak
atzera ES|EN
UNESCO Etxeak parte hartu du Giza Eskubideen Kontseiluaren 11. bilera-aldian, eta bakeari eta migrazioei buruzko eztabaida egin du

Ekainaren 3an, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen Garapenerako eta Aplikaziorako Espainiako Elkarteak (AEDIDH) antolatuta, UNESCO Etxea eta Womens UN Report Network (WUNRN) erakundeen laguntzarekin, bakea eta migrazioa gaietan aditu direnen bilkura egin zen, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 11. bilera-aldien esparruan.

UNESCO Etxea erakundeko zuzendari Mikel Manzisidor izan zen eztabaidako moderatzaile, eta hainbat parte-hartzaile izan zen eztabaida-mahaian; besteak beste, migratzaileen giza eskubideak eta hezkuntzarako eskubidea arloetako txostengile berezi diren Jorge Bustamente eta Vernor Muoz; Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) migrazio-gaietan espezialista den Patrick Taran; eta Langile Migratzaileentzako Nazio Batuen Batzordeko idazkari Carla Edelenbos. Halaber, Genevako Diplomazia Eskolako irakasle eta AEDIDH elkarteko kide den Alfred de Zayas ere izan zen parte-hartzaileen artean.

Migratzaileen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena urrats handia da migratzaileen eskubideak babesteko. Hala ere, hizlariek nabarmendu zuten tratatu hori herrialde aberatsenek berretsi ez izanak eta nazioarteko krisi ekonomikoaren ondorioek eragina dutela migratzaileen giza eskubideetan, eta adierazi zuten eragin hori oso kezkagarria dela. Emakumeen egoera, baina, are kezkagarriagoa da. Izan ere, emakumeek, maiz, egoera iraingarriak bizi izaten dituzte migrazio behartuaren bide luzean, edo sexu-esplotazioaren biktima izaten dira.

Hezkuntzarako eskubideari buruzko txostenak egiten dituen txostengile bereziaren arabera, migrazio-fluxuek erronka handiak dakarzkie harrerako hezkuntza-sistemei, sistema horiek ez baitaude prest, oraindik, ikasgeletan gero eta handiagoa den aniztasunari arreta emateko. Fenomeno hori, zailtasuntzat jo beharrean, aukera gisa hartu beharko litzateke.

LANEko ordezkariak adierazi duenez, migratzaileak suntsitu baino gehiago ekoizten duen gizarteko talde gisa hartu beharko lirateke. Hala ere, jardute ankerrak eta era guztietako abusuak jasan behar izaten dituzte maiz, eta baztertuak izaten dira helmuga-gizarteetan lan umiliagarri eta arriskutsuenak egiteko.

Bakerako Giza Eskubideari buruzko Luarcako Adierazpeneko 8. artikuluan jaso dira kezka horiek, eta premisa jarri da ezinbesteko baldintza dela, gizakiak bakerako duen eskubideaz gozatu ahal izateko, migratzaileek beren eskubideak guztiz erabiltzeko aukera izatea. Migratzaileak munduko biztanleriaren herena dira, dagoeneko.

Gobernuz kanpoko hainbat erakundetako ordezkariek ere parte hartu zuten, besteak beste, Worldwide Women Organization, Nazio Batuetarako Elkarteen Munduko Federazioa, Zonta International edo PACE Internacional erakundeetakoek. Orobat, behatzaile gisa han izan ziren hainbat diplomaziako misio (Turkia, Azerbaijan, Costa Rica) eta nazioarteko erakunde ere, hala nola, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoa.

Aurrekoaz gain, UNESCO Etxeak, bilera honetan, gizakiak bakerako duen eskubideari eta migrazioei buruzko ahozko eta idatzizko adierazpena babestu du.

Informazio gehiago:

Adierazpena: Bakerako Giza Eskubidea eta migrazioak

Bideo: [Gaztelania] [English] (3 minutu) (*)

(*) (.rm artxiboa - Dokumentu mota hauek ireki ahal izateko Real Player doako programa instalatuta eduki behar duzu)

descargar Real player

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco