Azken berriak
atzera ES|EN
Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerketaren aurkezpena

UNESCO Etxeako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako Amarauna ikerlari-taldeak Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak izeneko ikerketa burutu du.

Lanaren helburu nagusiak bi dira: batetik, erdaldunen euskararekiko uste eta jarrerak zeintzuk diren eta elebitasunerako mesedegarri eta oztopotzaile diren aurreiritziak arakatzea; bestetik, jarrerok euskaldunak ez diren EAEko 18-55 urte bitarteko biztanlerian zein maiztasunarekin ageri diren antzematea.

Zeintzuk dira ikerketaren ezaugarriak?

Datuak biltzeko metodo bi erabili dira. Eztabaida-taldeen bidez, lagun-taldekideek dituzten euskararekiko uste, jarrera, sentipen eta esperientziak jaso dira. Horrela, ideia askotarikoak, konplexuak eta aberatsak batu dira; batzuk euskararen aldekoagoak, beste batzuk kritikoagoak. Bereziki interesgarriak izan dira jarrera konplexuak, epelak, kontraesankorrak, matizatuak erakusten dituzten ideiak, hots, euskararen kontra ez egonik, bere sustapenari mugak ipintzen zaizkionean, edo atxikimendu matizatua erakusten denean. Azken jarrera hauei bai-bainakoak deitu zaie.

Azterketa kuantitatiboa egiteko erabili den galde-sorta azterketa kualitatiboaren emaitzen onorioz diseinatu da: edukia eztabaideetan agerturiko ideietatik aukeratu da eta galderen formulaziorako partaideen berbalizazioak eurak erabili dira.

Zer dakar liburuak?

Liburuak ikerketa osoaren emaitzak dakartza atal bitan banatuta: batetik, ikerketa kualitatiboan jasotako ideia guztiak, gaiaren arabera antolatuta eta, bestetik, galde-sortaren emaitza kuantitatiboak. Gainera, liburuan zehar garatzen diren gaiekin lotutako hausnarketak eskaintzen dira, baita eztabaideetan agertu diren partaideen hainbat aipu ere.

Ikerketan agertu diren ideia batzuk, adibide gisa

  • Ikerketako partaide asko bi munduko egoeran bizi dira, hau da, ez dira sartu euskararekin lotuta dagoen munduan. Hala ere, euskararen munduarekiko balorazio positiboa egin du gehiengoak eta hobeto ezagutzeko interesa erakutsi du: %55,5 euskararen mundutik hurbil sentitzen direla esan dute, eta %24,9k horrekiko interesa duela; ostera, euskararekiko interesik ez daukatela adierazi duten lagunak %10era ez dira heltzen.

  • Euskararen normalizaziorako konpromisoa beharrezkoa dela orokortua dago: partaide gehienek argi dute euskara gure erantzunkizuna dela. Bestalde, etorkizuna oso modu ezberdinean hauteman da: partaide batzuk ezkorrak dira, euskara normaltzeko zenbat falta den ikusita; beste batzuek, berriz, etorkizun oparoa ikusten diote. Azken hauen artean zabal dabil arrosa koloreko etorkizuna deitu zaion gehiegizko baikortasuna; hau da, euskara eskolan, ume-garaian, guztiek ikasten dutenez eta erakunde publikoen laguntza duenez, arriskua ez dagoela pentsatzea.

  • Euskara ikasteko ahaleginak: deigarria da erdaldun asko (ikerketa kuantitatiboko %65,70) bere bizitzaren momenturen baten euskara ikasten saiatu dela. Gainera, erdia baino gehiagok euskara ikastea gustatuko litzaiokela adierazi du. Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra bikain ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo pixka bat hitz egiteko.

  • Euskararen sustapena dela eta, non dago adostasun-maila? Oso adostasun altua dago ondoko baieztapenetan, denak orokorrak izanik: ezin da euskara galtzen utzi, ados nago euskara bultzatzearekin edo euskara errespetatu behar da. Gainera, gehienak prest agertu dira beren seme-alabek euskara ikas dezaten ahalegintzeko, euskara apur bat ikasteko seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, bai seme-alabek egiten dituzten jardueren testuinguruan euskara ikasteko ahalegina egiteko. Garbi esanda, seme-alabekin zerikusia duen oro oso motibagarria da euskarara hurbiltzeko. Baina, normalizazio-neurri zehatzei dagokienez, adostasun-maila ezberdina dago neurri batetik bestera eta erantzule batetik bestera.

Informazio gehiago:

Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak (pdf - 2.16MB)

Prentsa dosierra (pdf - 77KB)

Prentsa aurrekoa: (eskubi-ezker) Ane Ortega, Esti Amorrortu, Itziar Idiazabal, Patxi Baztarrika, Erramun Osa eta Joxe Antonio Rodriguez

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco