Azken berriak
atzera ES|EN
Ura izateko eskubideari buruzko mintegia giza eskubidetzat hartzeko bidea urratzen

Madrilgo Diplomazia Eskolan mintegia egin zuten otsailaren 20an: Seminario sobre el Acceso al Agua Potable y Saneamiento Hacia su Reconocimiento como Derecho Humano (Ura eta saneamendua izateko eskubideari buruzko mintegia Giza eskubidetzat hartzeko bidea urratzen). Mintegi horren helburu nagusia izan da Nazio Batuetako aditu independente izendatu berri duten Catarina de Albuquerque andrearen aurkezpena egitea. Edateko uraren eta saneamenduaren alorreko giza eskubideen eginbideak aztertzea izango du eginkizun.

Catarina de Albuquerquek hiru urteko agintaldian egin beharrekoa azaldu zuen zehatz-mehatz. Hiru erronka handi ditu: lehenengoa, praktika egokien laburpen bat egitea; bigarrena, edateko uraren eta saneamenduaren alorreko giza eskubideen eginbideak argitzea; eta, hirugarrena, Milurtekorako Garapen Helburuak lortzen lagundu dezaketen aholkuak ematea, batik bat ingurumenari eta iraunkortasunari buruzko 7. helburua aintzat hartuz. Eginkizun horretan genero-ikuspegia ere kontuan hartu beharko du.

Zehaztu zuen lehenengo urte honetan saneamendua izango dela bere ardura nagusia, orain artean asko landu gabeko gaia, hain zuzen. Hala ere, jakina, edateko uraren auzia ez du alde batera utziko, biak lotuta baitaude.

Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean Atariko Txostena martxoaren 9an aurkeztekoa zuela adierazi zuen. Txosten horretan azaltzen da lanerako metodoa eta bi kontsulta egiteko asmoa. Bi kontsulta horiek 2009an egin nahi ditu: lehenengoa apirilean, giza eskubideen alorreko adituek, Nazio Batuetako kideek eta gizarte zibileko erakundeek erabaki dezaten zein diren saneamenduaren alorreko giza eskubideen eginbideak; eta bestea uztailaren erdialdean, hainbat eskualdetako adituek zehaztu dezaten zein irizpide erabili behar diren praktika egokiak identifikatzeko.

Aditu independentearen agintaldiari buruzko xehetasunak ezagutu ostean, hainbat aktorek ere parte hartu zuten mintegian. Helburu nagusia zen guztien arteko elkarrizketa interaktiboa bideratzea, eta Espainiatik antolatzen diren uraren eta saneamenduaren alorreko proiektu eta ekimenak ezagutzeko aukera izatea. Aktore horien jatorria askotarikoa zen: sektore akademikoa, herri-administrazioa, sektore pribatua eta gizarte zibileko erakundeak.

Mintegiaren bezperan, otsailaren 19an, bilera informal bat egin zen Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioan: garapenerako gobernuz kanpoko Espainiako koordinakundeko (CONGDE) uraren talde sektorialeko ordezkariekin bildu zen Catarina de Albuquerque.

UNESCO Etxeak bi ekitaldietan parte hartu zuen.

INFORMAZIO GEHIAGO:

Mintegiaren programa

UNESCO Etxea - Ura izateko giza eskubidea

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco