Azken berriak
atzera ES|EN
Nazio Batuen idazkari nagusiak garapen iraunkorrerako helburuak lortzeko egindako aurrerapausoei buruzko bigarren txostena egin du

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko egindako aurrerapausoei buruzko 2017ko txostena egin du. Txosten horrek 17 GIHak lortzeko egindako aurrerapausoei buruzko ikuspegi orokor bat ematen du, GIHetarako adierazleen esparru orokorrari buruz eskuragarri dauden azken datuak oinarri hartuta. Txostenean adierazten denez, GIHak lortzeko aurrerapausoen segimendua egiteko, inoiz ez bezalako datu eta estatistika kopuru handiak behar dira maila guztietan.

Txostenak ‘Garapen Iraunkorrerako Helburuak Lortzeko Aurrerapausoak’ (E/2017/66) du izenburua, eta Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak eskatu zuen. 2030 Agendak Nazio Batuen idazkari nagusiari eskatzen dio Nazio Batuen sistemarekin elkarlanean urtero txosten bat egiteko aurrerapausoen inguruan 2030 Agendari buruzko informazioa emateko, haren segimendua egiteko eta hura berrikusteko Garapen Iraunkorrerako Goi Mailako Foro Politikoan (GMFP). Txostena GMFPren 2017ko jardunaldiaren hasieran aurkeztuko da (jardunaldia uztailaren 10ean egingo da).

Txostenak oinarritzat duen GIHetarako adierazleen esparru orokorra GIHetarako adierazleei buruzko Nazio Batuen Agentziarteko eta Adituen Taldeak (IAEG-SDGs ingelesez) sortu zuen. 2017ko martxoan, Nazio Batuen Estatistika Batzordeak esparrua adostu zuen, eta Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak 2017ko ekainaren 7an onartu zuen. Txostena egiteko, adierazle orokor batzuk hautatu ziren (horien datuak eskuragarri zeuden 2017ko apirilean). Txostenaren arabera, adierazle gehienetan, balioek mundu, eskualde eta azpieskualde mailako agregatuak adierazten dituzte. Agregatu horiek estatistika-sistema nazionaletako datuen bidez kalkulatzen dira, eta datu horiek nazioarteko agentziek biltzen dituzte.

1. GHIari dagokionez (pobrezia desagertzea), txostenean adierazten denez, munduko pobrezia-tasa erdira murriztu da 2000. urteaz geroztik, baina ezinbestekoa da ahalegin handiagoa egitea diru-sarrerak handitzeko, sufrimendua arintzeko eta oraindik muturreko pobrezian bizi diren pertsonen erresilientzia garatzeko, batez ere Saharaz hegoaldeko Afrikan. Txostenean orobat eskatzen da gizarte-babeserako sistemak zabaltzeko eta arriskuak murrizteko hondamendi-arrisku handia duten herrialdeetan.

2. GIHari dagokionez (goserik ez izatea), txostenean jakinarazten denez, aurrerapausoak eman dira gosearen eta malnutrizioaren aurkako borrokan 2000. urteaz geroztik. Ahalegin etengabea eta zehatza egiteko eskatzen da, goserik eta malnutriziorik izan ez dadin, batik bat Asian eta Afrikan, bai eta nekazaritzan inbertsio gehiago egiteko eta gobernuek gastu gehiago egiteko eta laguntza gehiago emateko ere.

3. GIHari dagokionez (osasuna eta ongizatea), txostenean ondorioztatzen denez, aurrerapauso ikusgarriak gertatu dira osasun-arlo askotan, baina aurrerapausoak azkarrago eman behar dira, batik bat morbilitate-tasa handien duten eskualdeetan. 2005etik 2015era arteko datuak oinarri hartuta, txostenak jakitera ematen du herrialde guztien erdiek (gutxien garatutako ia herrialde guztiak barne) mediku bat baino gutxiago eta hiru erizain edo emagin baino gutxiago dituztela 1.000 biztanleko.

Txostenaren arabera, 4. GIH (kalitate oneko hezkuntza) lortzeko aurrerapausoak emateko, beharrezkoa izango da ahalegin handiagoa egitea, batik bat Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Hegoaldeko Asian, eta kolektibo kalteberenei laguntzea, hala nola desgaitasunak dituztenei, komunitate indigenei, haur iheslariei eta landa-eremuetako haur pobreei. Txostenean esaten denez, munduan Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskolatu gabeko pertsonen % 70 Saharaz hegoaldeko Afrikakoa eta Hegoaldeko Asiakoa da. Halaber, txostenean esaten denez, datuak eskuratu diren herrialde guztietan, etxeen % 20 aberatseneko haurrek irakurmen-maila hobea lortu zuten Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren amaieran, etxeen % 20 pobreeneko haurrek baino.

5. GIHari dagokionez (genero-berdintasuna), txostenean adierazten denez, mundu osoan dago genero-desberdintasuna, eta, genero-berdintasuna lortzeko eta emakumeak eta neskak ahalduntzeko, beharrezkoa izango da lege-esparru batzuk ezartzea, hain errotuta dagoen genero-diskriminazioa indargabetzeko. Txostenean jakitera ematen denez, emakumeen genitalen mutilazioa % 30 murriztu da azken hiru hamarkadetan, eta emakumeek ordaindu gabeko etxeko zereginak egiten eta beste pertsona batzuk zaintzen igarotzen duten denbora gizonek zeregin horietan igarotzen dutena halako hiru da.

6. GIHari dagokionez (edateko ura eta saneamendua), txostenean esaten denez, munduko biztanleriaren % 90ek edateko ur-iturri hobetuak erabili zituen eta munduko biztanleriaren bi herenek baino gehiagok saneamendu-instalazio hobetuak erabili zituzten 2015ean. Bi kasuetan, batik bat landa-eremuetan bizi dira horrelakorik eskuratzeko modurik ez duten pertsonak. Txostenean orobat adierazten da munduan bi bilioi pertsona baino gehiago gehiegizko estres hidrikoa duten herrialdeetan bizi direla (erlazio honen bidez definitzen da estres hidrikoa: erabilitako ur gezaren guztizkoa eta ur gezako baliabide berriztagarriak % 25eko atalasetik gora).

Txostenean, herrialdeei eskatzen zaie teknologia berriak eskala handiagoan erabiltzeko, pertsona guztiek energia eskuratu dezaten.

Txostenaren arabera, 7. GIHan (energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea) ez dira behar bezainbeste aurrerapauso eman pertsona guztiek energia eskuratzeko eta energia berriztagarriarekin eta energia-efizientziarekin lotutako helburuak betetzeko. Txostenean finantzaketa gehiago emateko eta konpromiso ausartagoak hartzeko eskatzen da, bai eta herrialdeek teknologia berriak eskala handiagoan erabiltzeko ere.

8. GIHaren ondorioetan (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), hau esaten d: munduan biztanleko barne-produktu gordin errealaren urteko hazkundearen batez besteko tasa % 1,6koa izan zen 2010etik 2015era artean eta % 0,9koa 2005etik 2009ra artean; munduko langabezia-tasa % 5,7koa izan zen 2016an, adin-tarte guztietan emakumeek probabilitate handiago zutelarik langabezian egoteko gizonek baino, eta haur-lanak oraindik ere kezka handia sortzen du, nahiz eta lan egiten duten 5 urtetik 17 urtera bitarteko haurren kopurua 245 milioitik 168 milioira jaitsi den 2000tik 2012ra artean.

9. GIHari dagokionez (industria, berrikuntza eta azpiegitura), txostenean adierazten denez, gutxien garatutako herrialdeek inbertsioak behar dituzte azpiegiturak eraikitzeko eta herrialde horietan industriak BPGdn duen parte-hartzea 2030erako gaur egun halako bi izango dela bermatzeko, manufaktura-ekoizpenean eta enpleguan etengabe hobekuntzak egon badira ere. Txostenean orobat jakinarazten da garapen-bidean dauden herrialdeetako ekonomia-azpiegituretarako garapenerako laguntza ofiziala (GLO) 57 bilioi dolar estatubatuarrekoa izan zela: % 32ko hazkundea termino errealetan, 2010az geroztik. Laguntza hori batik bat garraioaren eta energiaren sektoreek jaso zuten: 19 bilioi dolar estatubatuar bakoitzak.

Txostenean esaten denez, aurrerapausoak ez dira leku guztietan modu berean eman 10. GIH (desberdintasunak murriztea) lortzeko. Txostenean eskatzen da garapen-bidean dauden herrialdeen ahotsei indar handiagoa emateko nazioarteko ekonomia- eta finantza-erakundeen erabakiguneetan, eta aditzera ematen da nazioarteko langile emigranteen diru-bidalketen onurak murriztu egiten direla transferentzien kostu oro har handiagatik.

11. GIHari dagokionez (hiri eta komunitate iraunkorrak), txostenean ondorioztatzen denez, munduan inoiz ez bezalako hiri-garapena gertatu da azken hamarkadetan, eta munduko biztanleen % 54 hirietan bizi zen 2015ean. Txostenean orobat esaten da beharrezkoa dela hiri-plangintza eta -kudeaketa hobea egitea munduko hiri-guneak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izateko.

12. GIHaren (ekoizpen eta kontsumo arduratsua) zifra globalek aditzera ematen dute okerrerako joerak nagusitzen ari direla: materialen barne-kontsumoa 1,51 kg-tik 1,73 kg-ra handitu da 2000tik 2010era bitartean BPGd unitate bakoitzeko, eta materialen barne-kontsumoaren guztikoak ere gora egin du (48,7 bilioi tonatik 71,1 bilioi tonara). Txostenean, kontsumo eta ekoizpen iraunkorrerako esparru nazional sendoak eta merkataritza-jardunbide iraunkorrak hartzea gomendatzen da, bai eta produktu kimikoen eta hondakin arriskutsuen kudeaketan nazioarteko arauak betetzea ere.

13. GIHari dagokionez (klima babesteko ekintza), txostenean adierazten denez, 2017ko apirilaren 20an, garapen-bidean dauden zazpi herrialdek behar bezala burutu eta bidali zuten beren egokitzapen-plan nazionalen lehen iterazioa. Hondamendi-arriskua murrizteari dagokionez, txostenean jakinarazten denez, gero eta gehiago dira natura-hondamendien ondorioz hiltzen diren pertsonak, nahiz eta aurrerapausoak eman diren hondamendi-arriskuak murrizteko estrategiak ezartzeko garaian. Txostenean orobat jakinarazten da ahalegin handia egin behar dela erresilientzia garatzeko eta klimarekin lotutako arriskuak eta natura-hondamendiak murrizteko.

14. GIHari buruz (uretako bizitza) egiten diren oharpenen artean, txostenean adierazten denez, munduko joerek agerian jartzen dute kostaldeko urak okerrera egiten ari direla kutsaduraren eta eutrofikazioaren ondorioz. Horretaz gainera, munduan maila biologikoki iraunkorretan dauden itsasoko arrain-populazioak % 90etik % 68,6ra murriztu dira 1974tik 2013ra bitartean, baina joera mantsotu egin da, eta badirudi egonkortu egin dela. Txostenean aditzera ematen denez, itsas eremu babestuak mekanismo garrantzitsuak dira ozeanoetako bizitza babesteko, baldin eta eraginkortasunez kudeatzen badira eta behar bezalako baliabideak badituzte.

15.GIHari dagokionez (lehorreko bizitza), txostenean ondorioztatzen denez, basoen galera-erritmoa mantsotu egin da, eta hobekuntzak egiten ari dira basoak ingurumena errespetatuz kudeatzeko eta eremu batzuk biodibertsitateari begira babesteko. Dena den, oraindik ere kezka-iturri dira lurraren produktibitatean gertatzen ari den beherako joera, biodibertsitatearen galera eta basabereen ezkutuko ehiza eta trafikoa.

16. GIHari dagokionez (bakea, justizia eta instituzio sendoak), txostenaren arabera, herrialdeen artean eta herrialdeen barnean ez dira aurrerapauso berberak eman bakea, justizia, eta instituzio eraginkorrak, arduratsuak eta inklusiboak lortzeko. Txostenean adierazten denez, indarkeriazko gatazkek gora egin dute azken urteetan, homizidioek behera egin dute apur bat, eta munduan biztanle gehiagok erraztasun handiagoz jo dezakete justiziara. Txostenean orobat adierazten da intentsitate handiko gatazka armatu batzuk biktima zibil asko eragiten ari direla.

17. GIHari dagokionez (itunak, helburuak lortzeko), txostenean zenbait oharpen aurkezten dira gai hauei buruz: finantzak, informazio- eta teknologia-teknologiak, gaitasun-garapena, merkataritza, gai sistemikoak, eta datuak, ikuskapen-lanak eta erantzukizuna. Txostenean esaten da 2014an garapen-bidean dauden herrialdeek 338 milioi dolar estatubatuar jaso zituztela estatistiketarako finantza-laguntza gisa; alegia, GLOren guztizkoaren % 0,18 soilik. Txostenaren arabera, GIHen eskakizunak betetzeko, garapen-bidean dauden herrialdeek gutxi gorabehera bilioi bat dolar estatubatuar beharko dute urtero iturri nazionaletatik eta dohaintzetatik estatistiketarako laguntza gisa.

Txostenean azpimarratzen da GIHak lortzeko aurrerapausoen segimendua egiteko datu eta estatistika asko behar direla, eta horiek eskuratzea erronka handia dela nazio mailako eta nazioarteko estatistika-sistemetarako. Halaber, txostenean jakitera ematen da munduko estatistika-komunitatea lanean ari dela estatistika-sistemak modernizatzeko eta sendotzeko.

Ikusi txostena: Garapen Iraunkorrerako Helburuak Lortzeko Aurrerapausoak: Idazkari Nagusiaren Txostena (gastelaniaz)

 

 

 

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1' DE REFUGIO
EUROPAKO HIZKUNTZA-ANIZTASUNAREN FOROA
SOStenibles
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK
ESTRATEGIA DE EDUCACIN PARA EL DESARROLLO
ELKARTU ZAITEZ!
IRAUNKORTASUN HEZKUNTZARAKO ESKULIBURUA
KULTURA ETA GARAPENA
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
GARAPEN IRAUNKORRA ETA INGURUMEN HEZKUNTZARI BURUZKO UNESCO KATEDRA
MUNDUKO HIZKUNTZA ONDAREAREN UNESCO KATEDRA
LURRALDEA, PAISAIA ETA ONDAREARI BURUZKO UNESCO KATEDRA


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco