Azken berriak
atzera ES|EN
Europako hizkuntza komunitateen topaleku izango da Donostia abenduan

• Abenduan Donostiako Kursaalen bat egingo dute Europako hizkuntza komunitateak aniztasunaz eta hizkuntza eskubideez ekarpena egiteko.

• Unesco Etxeak antolatuko du abenduaren 15ean eta 16an Donostian izango den Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa.

• Kontseiluak Foroan aurkeztuko du Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta abenduaren 17an ekitaldi publiko batean jendaurreratuko du.



Donostia 2016 Fundazioa, Kontseilua eta Unesco Etxea Europako hizkuntzen inguruko jardunean lankidetzan ari dira, abenduaren erdian Donostiako Kursaalen egingo den goi-mailako topaketak prestatzen. Alde batetik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) aurkeztu egingo da bertan, Kontseiluaren gidaritzapean. Bestetik, Unesco Etxeak gidatuta, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa antolatuko da arlo horretan dauden erronka nagusien inguruko hausnarketa eta eztabaida bideratzeko asmoz.

Bi ekimenak koordinatuta garatzen ari dira eta abenduaren 15, 16 eta 17an izango dute euren une gorena, Donostiako Kursaal Jauregian.

Foroak, Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta espezialistak, baita ikerketaren eta kulturaren arloko erakundeak zein gobernu-erakundeak ere bilduko ditu abenduaren 15ean eta 16an. Europako gutxiengoen hizkuntzen garapenean eragiten duten alderdiei buruz hausnartzea eta eztabaidatzea izango du helburu. Horrela, estrategia zehatzei buruzko hitzarmenak egiteko aukerak sortu nahi ditu, egoera ahulean dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatzeko.

Hizkuntzen Foroak hizkuntza-aniztasuna eta haren kudeaketa aldarrikatzea bilatuko du, Europa demokratiko, kohesionatu, inklusibo, baketsu eta jasangarriagoa eraikitzeko. Era berean, aldaketa garaikideek Europako hizkuntza-komunitateen jasangarritasun eta biziraupenaren gainean izandako efektuak aztertu eta ebaluatzea izango du xede. Gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko dauden tresnak eta ekimenak berrikusi, aurrera egiteko zailtasunak aztertu eta ekiteko proposamen positiboak landuko dituzte Forora bildutako Europa osoko adituek.

Foroak batzorde zientifiko bat osatu du gaien eta hizlarien aukeraketan eta topaketaren zabalkundean laguntzeko. Sei erakundetako ordezkari bana dago batzordean: Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), Jasone Cenoz (EHU), Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra), Itziar Idiazabal (Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Lorea Bilbao (Network to Promote Language Diversity). Eztabaida-ildo hauek barne hartuko ditu topaketak:

  •    Europako pertsonen eta hizkuntza-komunitateen hizkuntza-eskubideak.
  •    Europar Batasunerako hizkuntza-politika inklusibo eta erkidea, eta hori ezartzeko tresnak.
  •    Eskualde-hizkuntzen edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutuna eztabaidagai.
  •    Hizkuntza-aniztasuna norberaren, gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren faktore gisa.
  •    Gutxiengoen hizkuntzekin adeitsua den gizarte eleanitza.


Protokolorako ekarpen bilketa

Protokoloa hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak proposatzen dituen dokumentua izango da. Dokumentua osatzeko prozesua bere fase aberatsenean sartu da: gizarte eragileen ekarpenak Protokoloa mamitzen ari dira bai Euskal Herrian eta baita Europa mailan ere.
Otsailean aurkezpen publikoak egin ziren Euskal Herriko 5 hiriburutan. Martxoan, ekarpenak biltzeko asmoz eragileekin tailerrak antolatu ziren, gizarte-eremu ugari kontuan hartuz.

Horretaz gain, Kontseiluak Europako hizkuntza komunitate askotako talde eta elkarteengana jo du hizkuntza eskubideen inguruko eztabaida piztu eta horien ekarpenak ere jasotzeko. Horrela, Irlanda, Frisia, Sami lurraldeak, Gales, Bretainia edota Flensbourg-en izan da, bilera eta aurkezpen saioen bidez Protokoloaren osaketarako lankidetza martxan jartzen.

Uztailera arte jasoko dira Protokoloa osatzeko neurri proposamenak www.protokoloa.eus webgunearen bidez, besteak beste. Hortik aurrera, Antolatzaile Taldeak eta Batzorde Zientifikoak beren gain hartuko dute azken dokumentua lantzearen ardura. Aurkezpen nagusia abenduan izango da, Europako hizkuntza-komunitate ugaritako ordezkarien parte hartzearekin. Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroaren baitan azalduko da emaitza, eta abenduaren 17an ekitaldi publiko batean jendaurreratuko da
 

 

 

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
EUROPAKO HIZKUNTZA-ANIZTASUNAREN FOROA
SOStenibles
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO
ELKARTU ZAITEZ
IRAUNKORTASUN HEZKUNTZARAKO ESKULIBURUA
KULTURA ETA GARAPENA
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
GARAPEN IRAUNKORRA ETA INGURUMEN HEZKUNTZARI BURUZKO UNESCO KATEDRA
MUNDUKO HIZKUNTZA ONDAREAREN UNESCO KATEDRA
LURRALDEA, PAISAIA ETA ONDAREARI BURUZKO UNESCO KATEDRA


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco