Azken berriak
atzera ES|EN
Desmond Tutu artzapezpikuak jasoko du UNESCO/Bilbao Saria giza eskubideak sustatzeko egindako lanagatik

Desmond Tutu artzapezpiku hego-afrikarrak, 1984ko Bake Nobel Saridunak eta giza eskubideen babesle sutsuak jasoko du aurten Giza Eskubideen Kultura Sustatzeko UNESCO/Bilbao Saria. Hala jakinarazi du azaroaren 28an Irina Bokova UNESCOko Zuzendari Nagusiak. Irailaren amaieran, Bilbon, saria nori eman erabakitzeko bildu zen epaimahaiak proposatu zuen Tutu aitortza honetarako.

Desmond Tutuk Hego Afrika berria, demokratikoa eta arrazakeriarik gabea eraikitzeko bete zuen eginkizuna eta Egia eta Berradiskidetzea Batzordeko presidente modura eraikuntza nazionalean egindako lan eskerga goraipatzea eta jendea horretaz konturatzea, horixe izan zen epaimahaiaren asmoa Tutu aukeratzean, zion komunikatuak.

Epaimahaiak Desmond Tuturen beste hainbat balio ere azpimarratu zituen: Ekintzaile sutsua izan da, bereziki gazteekin batera, indarkeriarik eza sustatzeko eta bazterketa eta bidegabekeria modu guztien aurka borrokatzeko, eta Nazio Batuek eta UNESCOk giza eskubideak babesteko eta bereziki giza eskubideen aldeko kultura sustatzeko egiten duten lanean ere laguntzaile aparta izan da.

Desmond Tutu artzapezpikua Klerksdorpen jaio zen, Hego Afrikako Errepublikan, 1931. urtean. Teologiako irakasle izan zen Erresuma Batuko, Hego Afrikako, Botswanako, Lesothoko eta Swazilandiako unibertsitateetan eta Elizen Hego Afrikako Kontseiluko (SACC) arraza beltzeko lehen idazkari nagusia izan zen. Kargu horretan, apartheida bertan behera uzteko egin zituen ekintza eta aldarriengatik nabarmendu zen.

1984an Bake Nobel Saria jaso zuen, eta Egia eta Berradiskidetzea Batzordea gidatu zuen hainbat urtez. Apartheidaren erregimenean egindako krimenak ikertzeaz arduratu zen batzorde hori. Batzordeak 20.000 lagun ingururen adierazpenak eta lekukotzak jaso zituen bi urte pasatxoan, eta lan horien emaitzak eta ondorioak 1998. urtean aurkeztu zizkion Tutuk Mandela presidenteari.

Nazio Batuen Indarkeriaren aurkako eta bakearen aldeko Hamarraldiaren (2001-2012) Nazioarteko Koordinaziorako Ohorezko Batzordean ere partaide izan zen Tutu, eta gaur egun Zibilizazioen Aliantza babesten duten mundu mailako 18 pertsona entzutetsuetako bat da.

UNESCO/Bilbao Saria Bilboko Udalak babesten du eta bi urtean behin ematen da, 1978an sortutako Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako UNESCO Sariaren lekukoa hartu ondoren. UNESCO/Bilbao Sariak hezkuntzan ez ezik, ikerketa, sentsibilizazio eta giza eskubideen aldeko beste esparru batzuetan nabarmendu diren pertsona, elkarte, erakunde eta ekimenei egiten die aitortza.

Saria banatzeko ekitaldia datorren abenduaren 10ean ospatuko da UNESCOren egoitzan, Parisen, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin batera, hain zuzen. Bilboko alkate Iaki Azkunak emango du saria, eta han bilduko dira, besteren artean, UNESCOko zuzendaria, Irina Bokova andrea, Frantziako Gobernuko agintariak eta Thandeka Tutu-Gxashe, sarituaren alaba nagusia.

Informazio gehiago:

Giza Eskubideen Kultura Sustatzeko UNESCO/Bilbao Saria

 

 

Aurrekoa 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



UOC PUNTUA
DAME 1 MINUTO
2030 AGENDA BULETINA
JASO GURE EKINTZAK
SOStenibles
EKOSISTEMEN ZERBITZUAK EUSKADIN
ELKARTU ZAITEZ
ESTRATEGIA DE EDUCACION PARA EL DESARROLLO


Laguntzaileak
Bizkaiko Foru Aldundia / Diputación Foral de Bizkaia

Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco